Espainiako hauteskundeetan Euskal Herriarentzat autodeterminazioa eskubidearen alde kandidatura bateratua osatzeko proposamena
Euskal herria une gogorrak baina itxaropenez bizitzen ari da
Bidegurutzean gaude, eta egoera honetan itxaropena gehiengoa ordezkatzen duten eragileengan jarrita dago, herri gisa dagokigun hitza eta erabakia errespetarazteko borrokan ari direnengan, hain zuzen.
Bestalde, demokrazia, autodeterminazioa eta bakearen aldeko nahiaren aurrean, espainiar zein frantziar estatuen aldetik, Euskal Herriaren aurkako eraso, irain eta mespretxuak jasotzen ari gara erantzun gisa. Gure oinarriak (euskara dela, kultura, instituzioak eta baliabide ekonomikoak, adibidez) modurik bortitzenean kolpatzen ari dira
Hau honela, eragile politiko, sozial eta sindikalek ardura berezia dugu aurrera egiteko, gehiengo horrek aldarrikatzen duen norabidean urrats sendoa emateko.
Gu guztiona da, beraz, ardura. Abertzaleoi eta autodeterminazioa defenditzen duen orori dagokigu, egoera honetan, indarrak biltzearen erantzukizuna.
Egungo egoeraren larritasunak ezin du ezkutatu gure artean hainbat alorretan ditugun ezberdintasunak, gai ekonomikoak direla, eredu soziala edo estrategietan, adibidez, baina ez da ezberdintasunean sakontzeko garaia. Alde batera utzi behar dira, egungo errealitateari erantzuteko.
Une honetan ez dago jokoan ez gure herriaren kolorea ezta eredua ere zein izan behar duen. Euskal Herriaren etorkizuna da zalantzan dagoena. Gure nortasuna, hizkuntza eta kultura. Etorkizun ekonomikoa eta soziala. Gure presentzia martxan dago Europar Batasunean.
Honengatik guztiarengatik proposatzen dugu kandidatura bakarra aurkeztea datozen Espainiako hauteskundeetan. Zatiketak alde batera utzi eta indarrak bildu behar ditugu dagozkigun eskubideak eta bake eszenatokia lortzeko helburuz.
Duela aste batzuk, serioski eta erantzukizun osoz, ezker abertzaleak Iruñeako Anaitasunan zabaldu zuen proposamenean eskua luzatzen zien eragile politiko, sozial eta sindikal orori, inor kanpoan utzi gabe, gatazka politikoa behin betikoz gainditzeko elkarrizketa prozesuari heltzeko asmoz.
Hari beretik dator gaurko proposamena, indarrak metatuz, gatazka behin betikoz gainditzeko tresna eta konpromiso bateratuak martxan jartzeko norabidean.
Beraz, adjetiborik eta siglarik ez duen ekimena jarri nahi dugu abian, gure etxeko giltza eskuratzeko asmoz. Zintzoki pentsatzen dugu iritsi dela ausardiaz eta zintzotazun politikoz jokatzeko unea. Orain arte egindakoa ez da nahikoa, gehiago egin behar dugu.
Heldu da ordua ozenki adierazteko ez garela Espainiako lurralde bat, nazio bat garela eta eskubide guztiak dagozkigula gure barne zein kanpo harremanak erabakitzeko.
Espainiako hauteskundeek aukera paregabea eskaintzen digute zentzu honetan lan egiteko. Ziur gaude, gainera, urrats hau emanez gero, bakea eta demokrazia askoz ere hurbilago izango ditugula.
Ezker Abertzalearen iritziz, badira gutzieneko baldintzak horretarako. Eragile politiko eta sozialok ezin diogu gizartearen gehiengoaren nahiari bizkar eman.
Aukera paregabea dugu aurrean, Estatu espainiarraren ukazioari aurre egin eta bake eta askatasun eszenatokia osatzeko Euskal Herrian. Erabat ulertezina litzateke honelako aukera pasatzen uztea.
Hortaz, deia luzatu nahi diegu abertzale eta autodeterminazioaren aldeko eragile eta herritar guztiei proposamen honen inguruan:
PROPOSAMEN ZEHATZA
Espainiako hauteskundeetan autodeterminazioaren aldeko indar guztien artean kandidatura bateratua osatzea.
Kandidatura hori osatuko luketenek Euskal Herriaren ordezkaritza hartuko lukete beren gain Espainiaren aurrean.
Kandidatura honen helburua, gure herria ordezkatuz, Espainiarekiko harreman eta negoziazio prozezuaren bidez, Euskal Herriarentzat aitortza lortzea izango litzateke
![]() |